Elizateko herritarrek Andra Mari berreraikitzea erabaki zuten orduan. Lanak José de Zaylorda eta Ignacio Vicente de Mendieta y Cebericharen proiektuan oinarrituta egin zituen Francisco Duñabeitiak 1746 eta 1748 artean.
Apaindura gutxiko nabe angeluzuzen bakarreko eliza zen, barrokoaren joera klasikoari jarraiki eraikitakoa. Tenpluaren antolamendua da garai hartatik geratzen den gauza bakarra.
Mende bat geroago, 1848an, lanekin aurrera egiteko diru nahikoa biltzea lortu zuten, eta gaur egun oraindik kontserbatzen den harlanduzko fatxada berria eraiki ahal izan zuten.
Portadaren egitura oso soila da. Apaindura eskasia hori agerikoa da eraikinaren azalera horizontalki bi zatitan eta bertikalki hirutan banatzen duen inposta molduradunean. Sarrera-ateak ganga-formako ateburua du, eta haren gainean kanpaientzako hutsune bi dituen frontoia dago.
Gaur egun Mungiako elizate zaharraren erreferentzia-puntua den Andra Marin ezin zitekeen bataiorik egin, herritarrek San Pedro elizara jo behar zuten sakramentu hori hartzeko. Beraz, San Pedro gailendu egin zitzaion eta hura bihurtu zen Mungialdeko baserritarrek barikuetako plazan baratzeko produktuak saltzen zituzten topagunea. Andra Mari erabilera anitzeko aisialdirako gune bihurtu da babesa eta argitasuna ematen dioten teilatuko estalkiari eta alboetako itxiturari esker.
Udaletxea
1900ean Uria eta Elizatea batu ostean, Udal berri horren batzarrak gaur batean eta bihar bestean egiten ziren, hau da, ez zegoen Udala batzeko leku finkorik. Egoera horri behin betiko konponbide bat emateko, beharrizanei egoki erantzungo zien Udaletxe sendoa eraikitzea erabaki zen.
Antonio de Araluzek egin zuen proiektua, garai hartan modan zegoen eredu neokantabristari jarraituta. Estilo horretako elementuez gainera, eraikin honek gainerako euskal udaletxeetan agertzen diren beste elementu batzuk bere baditu, besteak beste: udal frontoia, etxebizitza eraikin bat (etxebizitza sozialak) eta Euskal Herriko beste hainbat herri txikitan ere oso tipikoa izan den taberna, "herriko taberna"(Udalarena). Gaur egun etxebizitza eraikin horrek galdu egin du hasikerako izaera hura, eta "Joko Toki" taberna orain dela urte batzuk kendu zen.1927an inauguratu zuten eraikin hori guztiz erre zen Gerra Zibilean, 1937ko ekainaren 13an. Begiratu ondo eta bilatu ezazue bere fatxadan Gerra Zibilak utzitako arrastoren bat.